Skip to main content
05

Haragien nutrizio-balioa

Haragien nutrizio-balioa :: Erraien nutrizio-balioa

Erraien nutrizio-balioa

Animalia lurtarretan, muskuluaz gain, jateko zatiak ere badaude, eta horiek ere elikagai gisa erabiltzen dira. Erraiak edo hondakinak dira. Erraien artean daude gibela, giltzurrunak, bihotza, mihia, birikak, tripakiak -animalia hausnarkarien urdaila-, kreadillak –testikuluak- eta burmuinak.

Erraien nutrizio-balioa haragien proteinen antzekoa da, %20 inguru, burmuinen kasuan izan ezik, horiek erdia baitute, gutxi gorabehera. Erraiek, gainera, haragi gihartsuek bezainbeste gantz ematen dute, burmuinek izan ezik, hauek bi halako baitauzkate.

Erraien eta haragien arteko alde nutritiboa kolesterol, burdina eta B12, B9 eta A bitaminen edukian datza.

Erraiek haragiek baino 3 edo 4 aldiz kolesterol gehiago izaten dute. Adibidez, muinek 2.000 miligramo kolesterol izaten dute 100 gramo bakoitzeko; beste errai batzuek, berriz, 300-400 miligramo (gibelak eta giltzurrunak), eta haragiek, oro har, 80-100 miligramo, batez beste.

Erraien burdina haragiena baino ugariagoa da, hauek ez baitute 4 miligramo baino gehiago ematen 100 gramoko. Gibelak eta odolkiak ematen dute burdina gehien (10 eta 18 miligramo, hurrenez hurren). Giltzurrunek sodio gehiago daukatela ere nabarmendu behar da, horiek baitira organismoan mineral horren kontzentrazioa orekatzeko ardura duten organoak. Oro har, haragiek baino bi aldiz sodio gehiago daukate, baina horrek ez du zerikusirik hestebeteek, fianbreek edo pateek izaten duten sodio kontzentrazio handiarekin.

Bitaminei dagokienez, erraiek haragiek baino B12 bitamina gehiago dute, eta, bereziki, idi-gibelak 40 aldiz bitamina gehiago du. Haragietan ez dago C bitamina, baina erraietan bai, gibelean eta arandoietan bereziki. Gauza bera gertatzen da A bitaminarekin ere: haragiak ugari izaten du, eta gibelak, berriz, 15.000 mikrogramo inguru, 100 gramo bakoitzeko.

Azpimarratu behar da erraien B3 bitamina edukia oso altua dela, batez ere gibelean, haragiek duten ekarpenarekin konparatuz gero. Gainera, gibela B9 bitaminen edo azido folikoaren iturri garrantzitsua denez, errazio batekin heldu baten eguneko premien %100 betetzera iristen da.

Erraietan, batez ere arandoietan, gibelean eta giltzurrunetan, purinen ekarpena gainerako haragietan baino handiagoa da, eta, beraz, kontuan hartu behar da azido uriko ugari edo hiperurizemia eta hezueria agertzen direnean.