Jakin dezagun zerbait gehiago haragiari buruz

Haragien kontsumoa Espainian
Haragia izan da azken elikadura krisiek gehien kaltetu duten elikagaia. Ia espezie guztiek izan dute berea: txerri izurritea, behi eroak, ardi eta ahuntz eroak, eta hegazti gripea. Hala ere, gehien kontsumitzen den elikagaia izaten jarraitzen du, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak urtero argitaratzen duen 2005eko Kontsumo Paneleko datuek erakusten dutenez. Are gehiago, EROSKI Fundazioaren 2005eko Kontsumo Barometroaren arabera, azken urtean apenas hamarren bat jaitsi da konfiantza-maila.
Elikaduran egindako gastu osotik, 77.810 milioi euro, % 73 etxeko gastuari zegokion, 56.800 milioi euro. Erosketa-saskia aztertuz gero, ikusten da haragia dela gehien gastatzen den elikagaia, janariaren gastu osoaren laurdena ia, % 24. Atzetik datoz arraina (% 14) eta esnea eta esnekiak (% 12).
Haragi-kontsumoari dagokionez, 2005ean, biztanle bakoitzak batez beste 52 kilo jan zituen, aurreko ekitaldian baino zertxobait gutxiago. Izan ere, 2002tik aurrera, historian okela gehien kontsumitu zela egiaztatu zen egunetik aurrera, haien kontsumoa jaisten joan da urtetik urtera. 2004an 53 kg/pertsona izan zen, hau da, 2003ko 54 kg/pertsona baino gutxiago, eta 2002ko 55 kg/pertsona baino gutxiago.
Azken datuak, 2005ekoak, aztertu ondoren, pertsona bakoitzak egunean 140 gramo haragi jaten duela ondorioztatu da. Kopuru horretan sartzen dira hondakinak ere (hezurrak, ilajea, etab.), baina nutrizio-alorreko adituek ematen dituzten gomendioak baino askoz hobeak direla esan daiteke: 120 gramo haragi (hondakinik gabe), astean hiruzpalau aldiz.
Estatuko iparraldeko biztanleek, zehazki Asturiasek, Gaztela eta Leonek eta Nafarroak, Espainiako batez bestekoa baino gehiago kontsumitzen dute; Kanarietan, Murtzian eta Andaluzian, berriz, gutxiago jaten dute.
Haragien artean, zalantzarik gabe, kontsumitzaileek haragi freskoa nahiago dute: 40 kg jaten dira, hau da, 52 kg pertsonako eta urteko. Oilasko haragiak jarraitzen du izaten gehien kontsumitzen dena (13 kg), nahiz eta kopurua jaitsi egin den aurreko urtearekin alderatuta. Ondotik, txerrikia dator (11 kg) eta proportzio berean, haragi eraldatuak datoz, batez ere txerrikiak, hala nola urdaiazpikoa, saltxitxak, hanburgerrak, urdaitegiko produktuak, etab. Behi-kontsumoa 8 kg baino gutxiagokoa da, nahiz eta behi-hazkuntzak leku nabarmena izan Espainiako abeltzaintza-ekoizpenean.
Azken urteotan, haragi-deribatuen industria modu esponentzialean hazi da, bereziki indioilarrez egindako produktu egosiena, gaur egun saldutako fianbre guztien herena baitira. Kontsumitzaileen eskaria eta ohitura berriak kontuan hartuta, haragiaren industria ikerketa- eta ekoizpen-ildo berriak garatzen ari da, osaera naturalean eraldatutako produktuak egiteko, eta, hala, hainbat gaixotasun dituzten pertsonen dietara egokitzeko, hala nola gatz edo gantz gutxiko haragiaren deribatuak, glutenik gabeak, omega 3a dutenak, zuntza dutenak, etab. Frogatzeke dago produktu berri horietako batzuk kontsumitzeak onura dakarrela.
