Skip to main content
02

Jakin dezagun zerbait gehiago haragiari buruz

Jakin dezagun zerbait gehiago haragiari buruz :: Kontsumo-gomendioak

Kontsumo-gomendioak

Pertsona askok elikagai nutritibo nagusitzat hartzen dute haragia, eta proteina gehien dituen elikagaitzat jotzen dute; ondorioz, gehiegi kontsumitzen da maiz. Izan ere, Espainiako herritarren elikadura-ohiturei buruzko ikerketen azken emaitzek eta 2005eko Kontsumo Panelean haragi-kontsumoari buruz argitaratutako azken datuek adierazten dute haragi-kontsumoa dela nagusi gainerako elikagaien aldean, eta, beraz, Espainia herrialde batez ere haragijalea dela oraindik ere. Beste muturrean haragiaren aurkakoak daude: dietatik elikagai hori kentzea nahi dute, haragia eta “gantz saturatua” baliokidetzat jotzen baitituzte. Edonola ere, haragien nutrizio-balioa zehatz-mehatz ezagutu behar da, barietate guztiena, neurrian jateko edo, bestela, haragietan ugariagoak diren mantenugaien ekarpena konpentsatuko duten beste elikagai batzuekin ordezkatzeko.

Dieta orekatuaren irizpideekin bat datorren haragi-kontsumoa egitea, gantz gutxien dutenei lehentasuna emanez, gantz ugari duten horiei ageriko gantza kenduz eta haragiak kozinatzean hainbat sukaldaritza-teknika tartekatuz (plantxa, labea, parrilla, erregosiak, gisatuak eta frijituak), bide ezin hobea da proteina, gantz eta bitamina eta mineral batzuk lortzeko, zeinak ugariagoak baitira elikagai horietan eta ezinbestekoak baitira organismoak ondo funtziona dezan.

Halaz ere, gaur egun haragi-kontsumoari buruz ematen diren aholkuei dagokienez, adituek behin eta berriz esaten dute murriztu egin behar dela dietan duen presentzia, eta pertsona bakoitzak batez beste hartzen duen errazioa 120 gramokoa izan dadin saiatu behar dela, eta elikagai horiek arrainek eta arrautzek duten maiztasun bera izan behar dutela dietan, astean hiruzpalau aldiz. Eta, gainera, ohiko dietan elikagai begetalak konbinatu behar omen dira, hala nola zerealak, lekaleak eta fruitu lehorrak, haragien ordezko gisa —batez ere, gehiegi kontsumitzen bada—, kalitatezko proteinetan duten ekarpen baliokideagatik. Adibidez, dilista plater bat arrozarekin, xerra baten ordez.