Skip to main content
01

Haragiak Atik Zra:

Oreina

Oreina :: Elikadura-propietateak

Elikadura-propietateak

Orein-haragiaren nutrizio-ezaugarriak aldatu egin daitezke espeziearen arabera, baina, oro har, gainerako haragietatik bereizten dituzten ezaugarri komunak dituzte. Haragi guztien artean, gantz eta kolesterol gutxien ematen dutenak dira, eta sodio eta burdin gutxi dute.

Espezie beraren barruan, nutrizio-balioak ere gorabeherak izaten ditu, animaliaren adinaren, sexuaren edo elikaduraren arabera.

Proteina gehien duten haragiak dira, faisaiaren eta usakumearen atzetik. Gainera, balio biologiko handiko proteinak dira, organismoak bere giza proteinak sintetizatu ahal izateko behar dituen aminoazido esentzial guztiak dituztelako. Halaz ere, ehun konektibo ugari dutenez, liseriketa zaildu egiten da eta, gainera, denbora gehiago behar izaten da janariak bigundu daitezen.

Oreina, funtsean, haragi gihartsua da eta indioilar-bularkiaren ondoren gantz gutxien daukana. Daukan gantzaren erdia insaturatua da, hau da, “gantz ona”, odoleko kolesterol-maila jaisteko abantaila duena. Horri gehitu behar zaio kolesterol gutxien duen haragia dela. Horregatik, gaixotasun kardiobaskularren bat duten pertsonentzat gomendatzen da orein-haragia.

Mineral aipagarrienen artean burdina eta fosforoa daude. Burdina beharrezkoa da hemoglobina sortzeko, hemoglobinak biriketako oxigenoa organismoko zelula guztietara eraman ahal izan dezan. Burdina egoki kontsumitzeak anemia ferropenikoa prebenitzen laguntzen du. Haragi hori fosforoagatik ere nabarmentzen da. Fosforoa hezur eta hortzetan agertzen da, nerbio-sisteman eta muskuluen jardueran esku hartzen du eta energia lortzeko prozesuetan parte hartzen du.

Beste alderdi garrantzitsu bat orein-haragiaren sodio-ekarpen apala da, hipertentsioa nozitzen dutenentzat datu behinena. Zink edukia ere nabarmena da, eta txahalkiaren eta arkumearen haragiaren antzekoa. Mineral horrek proteinen, koipeen eta karbohidratoen metabolismoan parte hartzen du; eragin antioxidatzailea du eta defentsa-sisteman parte hartzen du.

Orein-haragia, ordea, kontraindikatua dago hiperurizemia edo hezueria dagoenean, beste ehiza-haragi batzuek bezala, muskuluan azido laktiko ugari daukalako, organismoan azido uriko bihurtzen dena.

Konposizioa, zati jangarriaren 100 gramoko
100 gOrein-haragia
ZJa% 100
Ura (g)-
Energia (kcal)103,2
Proteina (g)20,2
Gantza (g)1,06
GAA (g)0,8
GAM (g)0,4
GAP (g)0,4
Kolesterola (mg)50
Burdina (mg)3,3
Fosforoa (mg)210
Sodioa (mg)55
Zinka (mg)240
B1 bitamina (mg)-
B2 bitamina (mg)0,25
ZJa = Zati jangarria.