Haragiak Atik Zra:
Basurdea

Elikadura-propietateak
Ehizakien nutrizio-balioa aldatu egiten da animaliaren espeziearen, adinaren, sexuaren edo elikaduraren arabera. Basurdea naturguneetan bizi den espezie basatia denez, zaila da bere nutrizio-ezaugarriak ezartzea. Hala ere, animalia horren eta beste ehiza-animalia batzuen zenbatespen orokorra egin daiteke.
Oro har, haragi horiek gizentzeko haragiek baino gantz gutxiago dute, eta proteina gehiago. Horren frogarik argiena txerrikia basurdearekin alderatzen denean aurkitzen da. Bere konposizioak oso ezberdinak dira, baina basurdea etxeko txerriaren aurrekaritzat hartzen da. Ehizakiek badute abantaila bat: ez dute izaten hormonen, antibiotikoen edo botiken hondakinik, eta gerta daiteke gizentzeko animaliek halakorik ez izatea.
Basurdearen proteina kopurua, beraz, beste hainbat gizentze-haragirena (arkumea, txahalkia, txerrikia) baino handiagoa da eta, gainera, bere proteina-karga balio biologiko handikotzat jotzen da. Gantz-edukiari dagokionez, basurde-haragia gihartsuenetako bat dela esaten da, eta txerri-azpizunak, animalia honen zatirik gihartsuenak, duen gantz-kopuruaren erdia du, gutxi gorabehera. Basurde-haragiaren gantz-materia txerriarena baino apalagoa bada ere, kolesterol-maila txerriarena baino handiagoa da, eta, oro har, baita haragi guztiena ere. Alderdi hori kontuan hartu behar da gaixotasun kardiobaskularrak dituzten pertsonetan. Guztirako gantzaren herena bakarrik da, dena den, saturatua. Gantz kantitatean eragina duen faktoreetako bat animaliaren adina da, eta, beraz, adinak gora egiten du urteetan aurrera egin ahala.
Ekarpen mineralari dagokionez, gainerako haragien gainetik, burdina eta zinka nabarmentzen dira basurdearen haragian. Usakumearen ondoren, hau da, burdina gehien biltzen duen haragiaren ondoren, basurdearena dago. Haragi horrek txerrikiak baino bost aldiz burdina gehiago dauka. Burdina hartzea beharrezkoa da hemoglobina sor dadin eta horrek oxigenoa behar bezala garraiatu ahal izan dezan organismo osoan zehar. Burdina egoki kontsumitzeak anemia ferropenikoa prebenitzen laguntzen du.
Zink edukia ere nabarmena da basurdearen haragian, arkume hankaren atzetik mineral horren proportzio handiena duena. Zinka proteina, gantz eta karbohidratoen metabolismoan esku hartzen duen minerala da. Eragin antioxidatzailea du, eta, besteak beste, defentsa-sistema babesten laguntzen du.
Basurdearen haragian nabarmentzen diren bitaminen artean B1 eta B12 bitaminak daude. B1 bitamina kopurua txerriak daukana baino apalagoa da. Hala ere, gainerako haragiena baino handiagoa da. Bitamina horrek karbohidratoen metabolismoan esku hartzen du eta organismoan daukan gabeziak alterazio psikikoak eragin ditzake. B12 bitaminak gainerako haragiek baino askoz gehiago dauka, eta txerriak baino 12 aldiz gehiago. Funtsezkoa da globulu gorriak berritzeko, eta horren gabeziak anemia eta nerbio-sisteman alterazioak eragin ditzake.
Oro har, ehiza-animaliek muskulu-jarduera handia izan dute, eta, beraz, muskuluek azido laktiko ugari izaten dute. Hori azido uriko bihurtzen da eta haragi mota hori hiperurizemia eta hezuerian kontraindikaturiko elikagai bihurtzen du.
| Zati jangarriaren konposizioa, 100 gramoko | |
|---|---|
| 100g | Basurde-haragia |
| PCa | 100% |
| Ura (g) | 73,8 |
| Energia (kcal) | 109 |
| Proteina (g) | 21,3 |
| Gantza (g) | 2,7 |
| AGS (g) | 0,8 |
| AGM (g) | 1 |
| AGP (g) | 0,4 |
| Kolesterola (mg) | 100 |
| Burdina (mg) | 6,3 |
| Fosforoa (mg) | 120 |
| Sodioa (mg) | 75 |
| Zinka (mg) | 3,6 |
| B1 bitamina (mg) | 0,4 |
| B2 bitamina (mg) | 0,11 |
| B3 bitamina (mg) | 4 |
| B12 bitamina (mcg) | 12 |
| K.P. Zati jangarria, | mcg = mikrogramoak. |
