Haragiak Atik Zra:
Erbia

Elikadura-propietateak
Erbi-haragiak ezaugarri nutritibo bikainak ditu. Gizentzeko haragiek (arkumeak, txahalak, txerriak) baino balio biologiko handiagoko proteina ugari ditu.
Gantz kopuruari dagokionez, erbi-haragia da gihartsuenetako bat, indioilarraren eta oilaskoaren ondotik. Untxiak duen gantzaren erdia baino gutxiago dauka. Basurde-haragiarekin alderatuz gero, gantz-edukia antzekoa da. Hala ere, erbiak kolesterol gutxiago ematen du. Ezaugarri horiek direla eta, haragi egokia da gaixotasun kardiobaskularrak dituztenentzat, gantz gutxi eta kolesterol gutxi baitauka.
Erbi-haragian gehien nabarmentzen diren mineralak burdina eta fosforoa dira. Erbiaren burdina-edukia oilasko, indioilar, untxi eta txerriarenaren bikoitza da, eta txahalkiaren edo arkumearen antzekoa. Hala ere, txikiagoa da gainerako ehiza-haragiekin alderatuz gero, faisaiarekin izan ezik. Burdina beharrezkoa da hemoglobina sortzeko, hau da, oxigenoa organismoan zehar garraiatzen duen proteina. Burdin kontsumo defizitarioak anemia ferropenikoa eragin dezake. Erbiaren fosforoa ere nabarmena da, mineral horretan okelarik aberatsenetakoa baita. Fosforoa hezur-egituren parte da, nerbio-sisteman eta muskuluen jardueran ere parte hartzen du eta energia lortzeko prozesuetan parte hartzen du. Haragi horrek nutrizioaren ikuspegitik duen beste abantailetako bat sodio gutxi izatea da, eta, faisaiaren ondoren, sodio gutxien duen haragia da; horregatik, egokia da hipertentsioa duten pertsonentzat.
Erbi-haragia, untxia eta oilaskoa bezala, B multzoko bitamina-iturri interesgarria da, eta, bereziki, B3 eta B12 bitaminak dira aipagarrienak. Oro har, B multzoko bitaminek aukera ematen dute mantenugai energetikoak aprobetxatzeko (karbohidratoak, gantzak eta proteinak). Gainera, garrantzi funtzional handiko hainbat prozesutan esku hartzen dute, hala nola globulu gorrien eraketan, material genetikoaren sintesian eta nerbio- eta defentsa-sistemaren funtzionamenduan, besteak beste.
Hiperurizemia edo hezueria izanez gero, erbi-haragia gutxiago jan behar da, purina-kantitate handiak dituelako eta odoleko azido urikoaren maila igotzea eragiten duelako.
| Konposizioa, zati jangarriaren 100 gramoko | |
|---|---|
| 100 g | Erbi-haragia |
| ZJa | % 80 |
| Ura (g) | - |
| Energia (kcal) | 113,5 |
| Proteina (g) | 21,6 |
| Gantza (g) | 3,01 |
| GAA (g) | - |
| GAM (g) | - |
| GAP (g) | - |
| Kolesterola (mg) | 65 |
| Burdina (mg) | 2,4 |
| Fosforoa (mg) | 220 |
| Sodioa (mg) | 50 |
| Zinka (mg) | - |
| B1 bitamina (mg) | 0,09 |
| B2 bitamina (mg) | 0,25 |
| B3 bitamina (mg) | - |
| B12 bitamina (mcg) | - |
| ZJa = Zati jangarria. | mcg = mikrogramoak. |
