Haragiak Atik Zra:
Indioilarra

Sarrera
Mundu osoan, okela ekoizteko hegaztien hazkuntza gaur egungo ganadutegi garrantzitsuenetarikoa da. Hegazti-ekoizpena etengabe hazi da azken hamarkadetan, eta esponentzialki ugaritu dira sektorean orientazio eta espezializazio desberdinak dituzten ustiategiak. Nahiz eta oraindik ere ekoizpen kopuruagatik oilasko gizentzearen hazkuntza –broiler izenez ere ezagutzen dena– nagusitzen den, indioilarra kopuru esanguratsuak dituen espeziea da, nahiz eta txikiagoak izan.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren 2004ko datuen arabera, Estatu Batuak dira indioilar-okela ekoizten duen munduko lehen potentzia, eta munduko hazkundearen erdia biltzen duena (2,5 milioi tona). Europako Batasuna oso gertu dago munduko ekoizpenaren % 42rekin 2 milioi tona Frantzian kontzentratzen dira (% 29), eta atzetik Alemania dator (% 17). Italia hirugarren postuan dago, Europako ekoizpen osoaren % 14rekin; Espainia, berriz, hamaikagarren postuan dago Europan, 21.000 tona indioilarrekin. Kontsumo-portzentajeak eta ekoizpen-portzentajeak oso antzekoak dira. Ameriketako Estatu Batuak daude zerrendaren buruan (% 47), eta Europar Batasuneko herrialdeak datoz ondoren (% 42). Gaur egun, indioilarra ez da Eguberrietan eta Esker Emate Egunean bakarrik jaten, herritarren eguneroko dietaren parte ere bada, produktu-sorta zabalari esker: indioilar osoa, zatitua, hezurgabetua eta xerratua, eta kozinatzeko prest dauden fianbreak eta prestakinak.
Haragi-mota
Indioilar-haragia haragi zuritzat hartzen da mioglobina gutxi duelako, hau da, haragiari kolore gorria ematen dion pigmentua, burdina duena. Hala ere, animalia nola elikatu den, halakoa izango du kolorea. Hala, indioilar basatiek etxaldeetan hazitakoek baino kolore horixkagoa dute, tonu arrosagokoa. Hegaztiaren atal ezberdinetan ere desberdintasunak daude kolorazioan, indioilar izterrean gertatzen den bezala, paparrak baino kolore nabarmenagoa baitu.
Jatorria
Indioilarra jatorriz Latinoamerikakoa da, eta guajalote izena hartzen du. Badirudi Mexikoko espezie basatitik (Meleagris gallopavo gallopavo) hezi zutela.
Europan, eta baita Ipar Amerikan ere, indioilarra XVI. mendean sartu zen kolonizatzaileen eta ebanjelizatzaileen eskutik, eta Espainian Indietako Oiloa deitu zioten. Garai hartan, indioilarra jaki gozo bihurtu zen Europa osoan, eta burgesiaren esku baino ez zegoen. Gerora, Eguberrietako gonbidapenen protagonista bihurtu zen, eta, gaur egun, eguneroko elikaduraren parte den beste elikagai bat da, nahiz eta oilaskoarengandik oso urruti dagoen, munduan gehien kontsumitzen den hegaztia baita.
Jatorrizko indioilar espeziea beste subespezie basati batekin gurutzatu zen, Meleagris gallopavo sylvestris, eta brontzezko indioilarra sortu zen, herrialde garatuetako indioilar komertzial guztien aitzindaria. Espezie hau azken berrogei urteotan hautespen intentsibo baten helburu izan da, giharrak azkar hazten diren animaliak sortzeko asmoz.
