Haragiak Atik Zra:
Ostruka

Elikadura-propietateak
Ostrukaren haragia dieta orekatu eta askotarikoaren barruan sartzen da, balio biologiko handiko proteinen (22 gramo proteina 100 gramo bakoitzeko) eta beste mantenugai batzuen (mineralak eta bitaminak, adibidez) ekarpen ona egiten duelako. Egunero proteina kopuru dietetikoa hartzeak gorputzeko ehunak hazi eta birsortzeko behar den lehengaia ematen du eta defentsa-sistema estimulatzen laguntzen du. Gainera, oso gantz gutxi du, oilasko papar batek baino gutxiago, kanguru haragiak bezala.
Bitaminen artean, B multzokoak nabarmentzen dira, bereziki B2 eta B12 bitaminak, eta neurri txikiagoan B1 eta B3 bitaminak. B2 defentsetan eta globulu gorrien ekoizpenean parte hartzen du. B12 bitaminak, animalia-jatorriko elikagaietan soilik ageri denak, garrantzi handia du hemoglobinaren sorreran (organismoko zelula guztietara garraiatzen du oxigenoa). Horien gabeziak anemia eta nerbio-sistemaren alterazioak eragiten ditu.
Mineralei dagokiela, ostrukaren haragitik, xurgatze errazeko hemo burdina, fosforoa eta zinka nabarmentzen dira. Burdina beharrezkoa da hemoglobina sortzeko, eta ekarpen egokiak anemia ferropenikoa prebenitzen du. Fosforoa hezurretan eta hortzetan dago, nerbio-sisteman, muskuluen jardueran eta energia lortzeko prozesuetan eragiten du. Eta zinkak parte hartzen du mantenugaien aprobetxamenduan, eragin antioxidatzailea du eta parte hartzen du sexu-organoen garapenean, dastamenean eta usaimenean, eta defentsetan.
Ostrukaren nutrizio-ezaugarriak direla-eta, elikagai gomendagarria da adin guztietako pertsonentzat, batez ere gehiegizko pisua, kolesterol- edo triglizerido-arazo handiak dituztenentzat, ia ez baitu gantzik. Era berean, sodio gutxi izatea ere abantaila da mineral horretan dieta apala egin behar duten pertsonentzat. Azkenik, nabarmendu behar da okela hau alternatiba ezin hobea bihurtu dela osasunagatik bestelako okela gorriak kontsumitu ezin dituztenentzat.
| Osaketa, jateko anoa, 100 gramoko | |
|---|---|
Ostruka (Bistec) | |
| PCa | 100% |
| Ura (g) | - |
| Energia (kcal) | 95 |
| Proteinak (g) | 21,5 |
| Gantza (g) | 1,6 |
| Kolesterola (mg) | 45 |
| K.P. Zati jangarria | |
